XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Xalbadorren eta Uztapideren arteko buruz-burukoa egin zen eta Uztapide emon genduen txapeldun.

Entzuleek horixe nahi eben eta danak pozik, ederra izan dek! hots eginez.

Bazen bertsorik onenaren sari bat eta horretan ez genduen dudarik izan Xalbadorri emon behar jakola, ez dakit konbikzinoz ala desirainez.

Oso gogoan daukat, jaztegietara erretiraturik, erabagia hartzen ari ginela, zelan Itzainak behin eta barriro zinoen bertsorik onenaren sariak irriaren bertsoarentzat izan behar ebala.

Ez geuntson jaramonik egin eta alde batetik ulertzekoa zen, txistuen ondorengo bertsoak, ateraldi jeniala izanaz ganera, eguna betiko markaturik itzi baiteban.

Dana dala, neu behintzat ez nengoen irriaren bertsoaz jabeturik eta ez neban ulertu Itzaina zegaitik tematzen zen haretan.

Baleiteke beste epaile batzuk be nire antzera aurkitzea han, inork ez baiteban Itzainaren proposamena aintzat hartu.

Bueltan pozik etxeratu nintzen, egun madarikatu batetik libratu izanaren deskargaz.

Xalbador ez neban pertsonalki ezagutzen.

Beharbada egun haretan agurtu izango neban pasadan, baina ez daukat gogoan.

Haregaz egindako lehen berbak hamar urte geroago izango ziren, Lazkao Txikiren omenaldian.

Ez neban pertsonalki ezagutzen, baina ezin neban Xalbadorren txistu aurreango soslai ha begietatik kendu.

Artean plazetan agertzen hasia nintzen eta egun haretan bildurra hartu neutson bertsolari izateari, nahizta nire burutik ez zen pasatu be egiten inoz halako txapelketan jokatzerik.

Orduan ez neban susmatzen nire abadetza urte gitxiren buruan norantz amaituko zen.

Ez dakit zenbat egunera, ez askora, Aita Zavalak horretan arin egiten baitebazen lanak, eskuratu neban ikusteko irrika kezkatian nengoen final haretako liburua.

Biziro gogoan daukat unea.

Gizaburuagako abadetxeko ezkaratz zaharrean, horma kontrako erloju handi eta antxinakoaren aurrean, liburuaren orriak joranez pasatzen hasi nintzen.

Minutu gitxiren buruan, hantxe burutuko zen finalean baino zauskada bortitzagoa.

Txistuen arrazoiaz edo desarrazoiaz jabetzeko, arrastiko aurreko saiotik, Itzainak behin eta barriro aitatzen eban irriari buruzko bertsoaren bila jo neban.